Berria.info - Azken albisteak

2011-11-04

Amara Berri sarea: ikasleei buruzko ikuskera

Ikuskera honek hezkuntza-ekintza honetako beste partaideak ere hartzen ditu barne, pertsona kontzeptua baita. Ikasleak lanaren ardatza dira eta edozein erabaki edo moldaketan ezin dira bistatik galdu. Aitzitik ikasleen garapena, aukera-berdintasunetik abiaturik, eta beraien ona bultzatu nahi da; irakasleen, familien, entitateen eta bestelako elementuen interesen gainetik.

Ikasle bakoitza horrela ulertzen da:
  •           Izaki globala
  •           Motibazio eta interes pertsonalak dituena
  •           Kontzeptu eta emozio eskema zehatz bat duena
  •         Potentzial bat duena


Izaki globala:
Ez da izaki isolatua ezta estatikoa ere, eta ez dago sistema moduan amaituta. Prozesuan dago eta prozesua bera dela esan daiteke. Osotasuna ez da zatien batura, zatiek elkarrekintzan osatzen dutena baizik. Ikasle bakoitzak bere prozesua bere erara bizi du.
Hau onartzeak elkarrekintzan dauden parteak antzematera garamatza, hauetariko bakoitzak besteengan eragiten duenez ikastetxearen ikuskeran hau garbi izatea berebizikoa da.


Motibazio eta interes pertsonalak:
Ikasleak motibatu egin behar dira, baina izatez, ikasleak badu bere motibazio propioa. Garrantzitsuena eskola eta jarduera bera ikaslearen interesekin uztartzea eta interes horiek azaleratzeko moduan planteatzea da.
Interes horien barruan jolasa garrantzitsuenetarikoa da, baina ez dugu momentu honetan landuko.

Kontzeptu eta emozio eskema zehatza:
Bakoitzak bere kontzeptu eskema propioa duela esatean ikasle bakoitzak aurre-ideia eta aurrezagutza batzuk dituela ulertzen dugu, eta zerbaitetan sakondu nahi izatekotan kontzeptu eskema horretatik abiatzea garrantzitsua da.
Bakoitza dagoen lekutik abiatzea kontzeptuari dagokiona baino zabalagoa da; izan ere, gizabanako bakoitzak bere emozio eskema du, bizi izandako esperientzien emaitza, pertsonala eta besterenezina dena.




Potentziala du:
Honek begibistakoa dirudien arren sistema itxiekin lan egitean edo uniformetasuna lortzea helburu denean honen kontra egiten da. Jarduteko modu horrek deshumanizaziora garamatza, gizarteko sektore bat baztertzera eta eskola-porrota emaitza bakarrik dela pentsatzera.

Gizabanako bakoitzaren potentziala besteena ez bezalakoa da, eta hau onartzea elementu erabakigarria da hezkuntzaren programazio, esku-hartze eta ebaluaziorako. Gauzak horrela norberaren mailan eta erritmoan lan egiteko eta norberaren potentziala bete-betean garatzeko modua ematen duen diseinua garatzea du helburu Amaraberri sareak; hortik abiaturik ezin daiteke eskola porrotaz hitz egin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario